kronika2025ko martxoaren 10a1 min
EXODUS opera Arriaga antzokian estreinatu dugu
Bilboko Arriaga Antzokian EXODUS opera esperimental eta ganbera-formatukoa estreinatu genuen. Akelarre Abesbatzaren orain arteko proiekturik ausartena eta konplexuena izan da.
Argazkia: E. Moreno EsquibelIrakurketa
Joan den martxoaren 5ean, Bilboko Arriaga Antzokiko eszenatokira igo ginen gure ibilbidean bizi izan dugun une berezi eta esanguratsuenetako bat bizitzera: EXODUS opera esperimental eta ganbera-formatukoaren estreinaldia. Genero operistikoaren ohiko moldeak hautsi eta beste leku batetik hitz egin nahi zuen lan ausarta izan da.
Ia 900 lagunek bete zuten antzokia; ez genuen halakorik espero, eta benetan hunkigarria izan zen horrelako harrera jasotzea. Zalantzarik gabe, EXODUS izan da Akelarre Abesbatzarentzat orain arteko proiekturik ausartena eta konplexuena: bai planteamendu artistikoagatik, bai hizkuntza garaikideagatik, bai eskatzen zuen erronka musikal eta eszenikoagatik.
Opera honek ez zuen bakarrik begirada berria eskaini nahi generoari, baizik eta ohiko operatik kanpo dauden ikus-entzuleengana iritsi eta publiko klasikoa ere mugitzea izan zuen xede. Horregatik izan da hain berezia guretzat EXODUSen parte izatea: musika bizia, irekia eta konprometitua ulertzen dugulako guk ere.
Eskerrik beroenak EXODUSeko talde osoari: laguntzagatik, konfiantzagatik eta elkarrekin egindako lanagatik. Eta bereziki, Jon Sáenz-i, aspalditik harreman estua dugun lagun eta sortzaileari, bere lehen opera estreinatzea gurekin partekatzea ohore eta plazer handia izan delako.
Irakurgai gehiago


